Robotia haurrentzako animazio filma bihar, ostirala, estreinatuko dute zinemetan. Joseba Beristain musikari azkoitiarra arduratu da Diego Cagidek eta Diego Lucerok zuzendu duten filmari musika jartzeaz. Futbola maite duten bi roboten istorioa du kontagai ikus-entzunezkoak, eta mundu elektronikoari lotutako lana denez, Beristainek ere halako musika erabili du filmaren soinu banda osatzeko; besteak beste, sintetizadoreak zein erritmo kaxak erabili ditu doinu elektronikoak sortzeko.
Beristainek beste lan bat ere badu eskuartean, bera arduratuko baita Alberto Vazquezek zuzendutako Decorado filmari soinu banda jartzeaz. Ez da Vazquezekin lan egingo duen aurreneko aldia izango, Beristain bera arduratu baitzen Vazquezek zuzendutako Unicorn Wars filmari musika jartzeaz. Goya sarietarako izendapena lortu zuen orduan azkoitiarrak.