Atzo, larunbata, banatu zituzten sariak Sevillako (Espainia) FIBES Erakusketa eta Kongresuen jauregian. Joseba Beristain musikari azkoitiarra jatorrizko abesti onenaren Goya saria eskuratzeko hautagaietako bat zen Batalla abestiarekin, baina Joaquin Sabinak eta Leivak Sintiendolo mucho filmerako egindako abestiak jaso zuen saria.
Dena den, azkoitiarra ez da esku hutsik itzuli galatik. Izan ere, azkoitiarrak parte hartu duen Loop eta Unicorn Wars animazio filmek Goya sari bana eskuratu dute. Hain justu, Beristainek bi ikus-entzunezko horietarako musika ekoitzi du. Animaziozko film onenaren saria jaso zuen Unicorn Wars filmak, eta animaziozko film labur onenaren saria Loop lanak.
Beristainek aurrez hedabide honi adierazi zion, lan horietako bat saritzen bazuten, saria "berea" bezala hartuko zuela, "bi proiektuetan parte hartze zuzena" izan duelako. "Loop lanarekin horrenbeste sari jaso eta gero, Goya saria lortzea filmaren ibilbideari amaiera ezin hobea ematea da", adierazi zuen azkoitiarrak.
Bestalde, Iñigo Aranbarri aktorek azkoitiarrak parte hartu duen Irati filma esku hutsik gelditu da Goya sarietan. Aranbarri da film horretako aktoreetako bat (Eneko Ximenez). Egokitutako gidoi onena, jatorrizko musika onena, jatorrizko abesti onena, jantzigintza diseinu onena eta efektu berezi onena Goya sariak lortzeko hautagaia zen film hori.