Aitor Andreu azkoitiarrak Espainiako Txapelketan bigarren postua lortu du low kick modalitatean, 71 kilo azpikoen kategorian. Joan den ostegunetik igandera bitartean jokatu dute txapelketa, Guadalajaran. Erkidego guztietako irabazleak lehiatu dira egun horietan han, eta Euskadi ordezkatu du Andreuk, Euskadiko Txapelketa irabazi baitzuen joan den martxoan.
Final laurdenetan Ruben Diez Gaztela eta Leongo borrokalariaren aurka neurtu behar zituen indarrak Andreuk, baina jokatu gabe irabazi zuen lehia azkoitiarrak, Diezek 71 kiloko pisua gainditu eta ezin izan zuelako hura jokatu. Finalderdietan, berriz, Andaluziako Vas Gabon izan zuen aurkari Andreuk, eta aurkari gogorra izanagatik ere azkoitiarra nagusitu zen. Atzo goizean jokatu zuten final handia Andreuk eta Gaztela-Mantxako Alejandro Sanchezek, eta lehia parekatua izan bazen ere, garaipenaren atarian geratu zen azkenean azkoitiarra.