Azkoitiko Udalak martxan jarritako aurrekontu parte hartzaileen prozesua bozketa fasera iritsi da, eta herritarrek gaurtik hasi eta ekainaren 15era arte izango dute aurrera egin duten proiektuen artean boza emateko aukera. 100.000 euroko bideratuko ditu udalak herritarrek proposatutako lanak gauzatu ahal izateko. Hain zuzen, hasiera batean herritarrek egindako berrogeita bost proposamenetatik hamahiruk egin dute aurrera, eta orain, hamahiru horietatik bost proiektu bozkatu behar dituzte herritarrek. Boto gehien jasotzen dituzten proiektuak sartuko ditu udalak aurtengo aurrekontuetan.
Botoa eman nahi duten herritarrek Azkoitiko udalaren webgunearen bidez egin ahal izango dute, dagokion irudian klik eginda. Halaber, botoa aurrez aurre emateko aukera ere izango da, honako hiru gunetan: udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan, Elkargunean eta Aizkibel liburutegian. Galdetegiak eta horiek uzteko postontziak izango dira eremu horietan.
Hala, 16 urtetik gorako herritarrek dute boza emateko aukera. Bozketa anonimoa izango da, baina NA, generoa, kalea zein adina adierazi behar dira. Udal ordezkariak herriko plazan egongo dira gaur, 11:00etatik 13:00etara bitartean, galdetegiak zabaltzeko eta herritarrei argibideak emateko.
Honakoak dira herritarrek bozka ditzaketen proiektuak eta bakoitzaren balorazio ekonomikoa:
- Goiko Kalean, Kale Nagusiko bosgarrenean, zamalanetarako gunea egokitzea: 35.000 euro
- Zuazola kalean, Xabier Munibe Ikastolaren atzeko partean, iturria ipintzea: 6.500 euro
- Mendi ibilbideen seinaleak jartzea Munoaundiko eremuan: 7.000 euro
- Hilerrirako, hilkutxak jasotzeko makina erostea: 30.000 euro
- Pobreziaren inguruko azterketa egitea: 20.000 euro
- Landare inbaditzaileen inguruko azterketa egitea eta desagerrarazteko ekintza plana lantzea: 11.000 euro
- Oteiza Frontoietako berdegunean eta Trenbidearen Zumardian aulkiak eta mahaiak jartzea: 15.000 euro
- Lokal hutsetako erakusleihoetan mezu desberdindun biniloak jartzea, Alde Zaharra biziberritzeko: 12.000 euro
- Elkarguneko Herriko plaza aretoaren dinamizazioa: 10.000 euro
- Santa Klarako zubiaren petrila aldatzea, segurtasuna bermatzeko: 17.000 euro
- Baztartxo antzokiko atze-oihalaren motorra berritzea, zaharkituta geratu baita: 8.000 euro
- Kanpoko igerilekuetako berdegunea urte osoan zabaltzea: 18.000 euro
- Floreagan, San Martinen eta Oteiza frontoietan aparkalekuak egokitzea: 24.500 euro