Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) Guka aurkeztu ostean, herriko eragileen eta herritarren aurrean aurkezteko unea heldu da. Izan ere, marka herrira zabaltzeko asmoz, Gukakide festak antolatu ditu UKTk, eta hurrengo ostiralean, ekainaren 7an, Azkoitian egingo dute, Kontzejupean.
Pilotari Egunekoekin elkarlanean osatu du UKTk egun horretarako helduentzako zein haurrentzako egitaraua. 17:00etan, Pilotak aurkitzen umeentzako ginkana egingo dute Abarketatxo ludotekarekin eta Artxamendi topalekuarekin elkarlanean prestatuta. Gukakide ginkanan parte hartzen duten gaztetxoek herriko frontoiak gaitzat hartuta gainditu beharko dituzte probak. Jolasaren iraupena ordubetekoa izango da: 17:00etan hasiko da eta 18:00etan bukatu, eta parte hartzaileak 16:45ean elkartuko dira Kontzejupean. LH4etik DBH2ra arteko ikasleek parte hartu ahal izango dute ginkanan, eta horiek gaurtik asteazken arratsaldera arte eman dezakete izena, galdetegi hau beteta.
Ginkana amaitzean, 18:00etan, askotariko osagaiak izango dituen Gukaren aurkezpen ekitaldia izango da Kontzejupean; esaterako, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko kideak eta Pilotari Eguneko antolatzaileak elkarrizketatuko dituzte UKTko kazetariek. Erniarraitzek antolatuta, berriz, Eneritz Artetxek eta Naia Arrizabalagak bertsotan egingo dute, eta Herrixenekin elkarlanean, Zakel Mariren zozketa egingo da segidan. Gainera, 18:30etik aurrera, pilotak egiten irakatsiko du Eliodoro errioxarrak. Azkoitiko Gukakide festari amaiera borobila emateko, jan-edanerako postua eta photocall-a zabalduko dira, guztien gozagarri.
Hona hemen, Azkoitiko Gukakide festaren egitaraua:
- 17:00. Umeentzako ginkana. Ondoren, pilotak egiten irakatsiko du Eliodoro errioxarrak, Kontzejupean.
- 18:00. Gukaren aurkezpen ekitaldia Kontzejupean.
- 18:30. Guneen irekiera: jan-edanerako postua eta photocall-a Kontzejupean.