Juan Felipe dokumental egileari eskainitako dokumental zikloa antolatu du Matadero Ekintzakek datozen hiru igandeetarako; hain zuzen, hark zuzendutako dokumental bana emango dute ekainaren 2an, 9an eta 16an Matadeixen, 19:30ean hasita. Azken emanaldian, gainera, zuzendaria bera han izango da, solasaldia eskaintzeko.
Arlo desberdinetatik, mugimendu libertarioa jorratzen duten hiru ikus-entzunezko lan ikusteko aukera izango da hiru astez Matadeixen: El tiempo de las cerezas (1977-1979: eclosión libertaria), Indomables, una historia de mujeres libres eta Casilda, beste pausuen oihartzuna.
El tiempo de las cerezas dokumentalarekin ekingo diote zikloari datorren igandean. Dokumentalak 1970eko hamarkadaren amaierako mugimendu libertarioan errealitatean sakontzen du, Franco hil ondorengo trantsizioa deiturikoan. "39 urteko tunel beltz baten ondoren, adin eta baldintza guztietako ezkertiarrak berriro antolatzen dira bizitza publikora ateratzeko. Horien artean, zeinu libertarioko taldeak indarrez azaleratzen dira. Aldizkariak, ateneoak eta hainbat talde nonahi agertzen dira. CNT ere bai", dio lanaren sinopsiaren zati batek.
Indomables, una historia de mujeres libres lana, berriz, ekainaren 9an ikusi ahal izango da. Mujeres Libres erakunde feminista eta anarkistaren historia kontatzen du lanak: 1936an, izen bereko aldizkaria kaleratu zuten, eta urtebete beranduago, Emakume Askeen Federazio Nazionalaren lehen kongresua egin zuten Valentzian (Herrialde Katalanak). Erakundearen helburua zen emakumeak beren kabuz askatzea "ezjakintasunaren morrontza krudeletik". 20.000 afiliatu baino gehiago izatera iritsi zen erakundea.
Casilda, beste pausoen oihartzuna dokumentalak, berriz, Soledad Casilda Hernaez militante anarkista zizurkildarrak (1914-1992) utzitako urratsak jarraitzen ditu. Hain zuzen, pauso horiei jarraituz, "ezezaguna" den Donostia ezagutu ahal izango du ikus-entzuleak, orduko langileen eta feministen borrokengandik eta ANVren sorreraren zein CNTren gorakadaren testuinguruan. Era berean, Hernaezek eta haren bikotekide Felix Likinianok, erbestean, Miarritzen (Lapurdi), frankismoaren aurka borrokan ziharduten hainbat gazteri aterpea ematen ziela gogoratzen du dokumentalak. Ekainaren 16an izango da emanaldi hori, zuzendaria bertan dela.