Josune Herrartek irabazi du Geoparkearen Mikroipun Lehiaketa

Iraia Oteiza 2024ko mai. 30a, 09:30

Josune Herrarte eta Jose Joakin Etxaniz, sariarekin. (Geoparkea)

Europako Geoparkeen Astearen barruan, mikroipuin lehiaketa antolatu du aurrenekoz Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Josune Herrarte Azkoitiko bizilaguna izan da lehiaketaren irabazlea, Geoparkea, ni eta beste animalia batzuk gaitzat hartuta osatu duen lanarengatik.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak mikroipuin lehiaketa egin du aurrenekoz, Europako Geoparkeen Astearen barruan. Geoparkea, ni eta beste animalia batzuk gaitzat hartuta, asko jota 250 karaktereko kontakizunak idatzi dituzte parte hartzaileek. Josune Herrarte Azkoitiko bizilaguna izan da lehiaketaren irabazlea, eta Geoparkerako bisita gidatua, Geoparkea, Biodibertsitateari buruzko apunteak liburua eta bertako produktuez osatutako Geogourmet saskia jaso ditu sari gisa.

Horrez gain, parte hartzaile guztien artean Geoparkerako bi pertsonentzako bisita gidatua eta Geoparkea, Biodibertsitateari buruzko apunteak liburua zozkatu dituzte. Jose Joakin Etxaniz azkoitiarra izan da zozketaren irabazlea.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak sare sozialen bidez iragarri du lehiaketaren irabazlea, eta han publikatu du mikroipun onena ere.

Hona hemen Herrarteren mikroipuin irabazlea:

Lurrak erraietatik orro, altxaturik harkaitzak harro, harri eta haitz, itsas gainean erlaitz, Ubarroi, Karrakel, eta hanka biko anitz. Herri zaharra soineko berriz, beltzez eta gorriz, iltzez josirik urre eta zilarrez. Antzinako mintzoa gaurko eginez, Geoparke lez irauteko grinez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide