Ekainaren 13an estreinatuko dute Azpeitian Iraurgi saskibaloi elkarteari lotutako Hiru-hiru dokumentala. 19:00etan izango da saioa Soreasu antzokian. Hurrengo egunean, ekainaren 14an, 19:00etan, Azkoitiko Baztartxon emango dute ikus-entzunezkoa. Dokumentala ikustera joateko sarrera eskuratu beharko da aurrez.
Dokumentalean parte hartu dutenek, ISBko jokalariek, entrenatzaileek, bazkideek, babesleek eta ISBren ingurukoek gaurtik aurrera izango dute sarrera eskuratzeko aukera. Horretarako, gaur, bihar, etzi, ekainaren 3an edota 4an, 17:00etatik 18:30era artean, Azpeitiko Kiroldegiko ISBren bulegora jo beharko dute. Bakoitzak saio bakoitzerako bina sarrera eskuratzeko aukera izango du.
Egun horietan sarrerak banatu ondoren, soberan gelditzen direnak Internetez jarriko dituzte eskura.