Udalak zuzenean emango ditu osoko bilkurak aurrerantzean

Ane Olaizola 2024ko mai. 28a, 10:20

Azkoitiko Udalaren YouTuberen kanalaren bidez jarraitu ahal izango dira udalbatzarrak, eta bilkurak amaitu ostean ere han izango dira ikusgai. Biharkoa izango da zuzenean emango duten aurreneko osoko bilkura. 

Udalak aurrerantzean egingo dituen osoko bilkurak zuzenean ikusteko aukera izango dute herritarrek. Azkoitiko Udalaren YouTubeko kanalaren bidez jarraitu ahal izango dira plenoak, eta bilkurak amaitu ostean ere bertan egongo dira ikusgai.

Udalak azaldu duenez, "gardentasun ariketa" da plenoak zuzenean ematen hastea, eta informazioa emateko "beste bide bat" zabaldu nahi izan die herritarrei, bereziki arauen, tramiteen edota udal kudeaketaren inguruan. Izan ere, alkateak zein zinegotziek osatzen duten osoko bilkura ordezkaritza politiko goreneko organoa dela azpimarratu du erakundeak, berari dagokiolako udalerriari eragiten dioten "tokiko politikak eztabaidatzea" eta "erabaki nagusiak hartzea".

Hileko azken asteazkenetan egiten dituzte osoko bilkurak, 18:00etan, eta irekiak izaten dira herritarrentzat. Hain zuzen, bihar arratsaldean maiatzeko ohiko bilkura egingo du udalbatzak,
eta bederatzi puntuko gai zerrenda jorratuko dute udal ordezkariek. Horien artean, Urola Erdiko Mankomunitatearentzat izaten den partida, kreditu globala igotzea eta Loiola Berrikuntza fundazioari 2020ko diru laguntzaren %20ko ordainketari dagokion kredituen judizioz kanpoko aintzatespena landuko dituzte.

Hau da maiatzeko udalbatzarraren gai zerrenda osoa:

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.
2.- 2024ko lanpostu zerrendaren 1. aldaketaren hasierako onespena.
3.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 2 zenbakidun espedientearen
onespena.
4.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko 6 zenbakidun espedientearen
onespena.
5.- Loiola Berrikuntza Fundazioari 2020ko diru laguntzaren %20ko ordainketari
dagokion kredituen judizioz kanpoko aintzatespenaren onespena.

6.- Janire Igoa Merinok, Iraurgi Lantzen, S.A.-ren Administrazio Kontseiluko, Zubiaurre- Elkargune Institutuaren Kontseiluko eta Antonio Oteiza Fundazioko ordezkaria izateko aurkeztutako eskaeraren onespena.
7.- Behin betiko onespenen berri ematea.
8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
9.- Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide