Jasokunde kooperatibak urteko ohiko batzar nagusia egingo du igandean, ekainak 2, Baztartxo antzokian. Bi deialdi deitu ditu kooperatibak egun horretarako: lehena, 11:30ean izango da, eta bigarrena, 12:00etan.
Eguneko gai zerrendari ekiteko, iazko akta irakurtzea eta hura onestea izango dituzte helburu. Segidan 2023ko kudeaketari buruzko Zaintza Batzordearen txostena aurkeztuko dute. Era berean, iazko kontuak nahiz balantzea aurkeztuko dituzte, emaitza ekonomikoak azalduz. Errektore Kontseilua eta Zaintza Batzordea berritzea dago jasota laugarren puntuan, eta bazkideek horiek aukeratzeko bozketa orria eraman beharko dute etxetik, jada aukeraketa eginda. Jarraian, aurten bazkideek izango dituzten abantailak zein diren adieraziko dituzte, eta denda desberdinetako erosketak zein deskontuak izango dituzte hizpide gero. Amaitzeko, bazkideek galderak zein proposamenak egiteko tartea zabalduko dute.
Kooperatibako batzordeak nabarmendu du, batzarrean parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango dutela bazkideek kooperatibako bazkide txartela erakustea. Halaber, jakinarazi dute bazkide batek gehienez beste bi bazkide ordezkatu ahal izango dituela. Batzarraren amaieran, erosketa bonuak banatuko dituzte bazkide guztien artean, Baztartxo antzokiaren irteeran.