Gaur trikiti doinuak dira nagusi Azkoitian

Nerea Uranga 2024ko mai. 25a, 15:37

III. Trikiti Eguna ospatzen ari dira gaur Azkoitian. Eguerditik aurrera, dozenaka trikitilarik girotu dituzte herriko kaleak, eta arratsaldean ere izango da soinu txikiaren eta panderoaren doinuez gozatzeko aukera.

Atzo, Azkoitiko III. Trikiti Egunaren bezperan soinu txikiaren eta panderoaren doinuek hartu zituzten Azkoitiko kaleak. Gaur, berriz, trikitilarien jai nagusia ospatzen ari dira. 11:30ean, trikitilarien dozena erdi talde bildu dira San Martin auzoan eta handik kalejiran bakoitza bere aldetik jaitsi eta herriko kaleetan eta auzoetan barreiatu dituzte trikitiaren doinuak. 13:30ean, berriz, denak Julio Urkixo etorbidean elkartu eta kalejira handia egin dute plazara. Dozenaka trikitilarik parte hartu dute, txiki eta handi. Trikigiro elkarteak eta Azkoitiko Udalak antolatu dute Um Blem Ble tabernarien elkarteak lagunduta.

Herriko plazan bazkaltzeko 200trikitizale inguru bildu dira, eta arratsaldean trikitilariekin erromeria izan dute plazan. Plazan jende asko batu da trikitilarien doinuak entzuteko eta dantza egiteko.

Bihar, igandea, trikitiari buruzko erakusketa zabalik izango da Portaleburun, 12:00etatik 14:00etara bitartean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide