Hurrengo asteburuan, ekainaren 1ean eta 2an, Nazioarteko V. Aikido ikastaroa egingo dute Elkargunean. Azkoitiko Udalaren eta Elkargunearen laguntzarekin antolatu dituzte hurrengo larunbateko zein igandeko saioak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Danimarkako 35-40 lagunek parte hartuko dute ikastaroan.
Aikido Japoniako arte martzial mota bat da, eta ikastaroko parte hartzaileek buki waza, tai jutsu eta nai ariketak landuko dituzte, Lewis Bernaldo de Quiros maisuaren gidaritzapean. Hain zuzen, Morihiro Saito senseiaren edo maisuaren ikaslea izan zen hura 1986tik 1993ra bitartean, Japoniako Iwama hirian.
Larunbatean, ekainak 1, 10:00etatik 13:00etara nahiz 16:00etatik 18:00etara egingo dute ikastaroa; aldiz, igandean, ekainak 2, 10:00etatik 13:00etara izango dute hitzordua. Ikastaroari buruzko informazio gehiago nahi duenak 636 716 487 telefono zenbakira deitu dezake.