Trikigiro elkarteak Urola Erdiko trikitiaren hastapenak gogora ekarri nahi izan ditu. Hori hala, 1960-1970 hamarkadetan eskualdean trikitixa panorama nola garatu zen jasotzen dituen bideografiak eta liburua osatu ditu, Errautsak hauspotzen izenburupean. Bideografiak ostiralean aurkeztuko ditu Azkoitiko Baztartxo antzokian, 22:30ean hasita. Bertaratzen direnek, trikitiaren munduko 77 elkarrizketaturekin osatutako 58 bideografia ikusteko aukera izango dute.
Errautsak hauspotzen liburuaren aurkezpena, berriz, ekainaren 6an, ostiralez, egingo dute Azpeitiko Soreasu antzokian, eta han ere bideografiak proiektatuko dituzte bigarrenez.
2010ean kokatzen da proiektuaren abiapuntua. Hain zuzen, San Jose jaialdia antolatzen duen lantaldeak jarri zuen lehen hazia. Hasiera batean trikitiari lotutako dokumentala egiteko asmoa zuten, bide batez elkarteko artxibo bat osatuz, eta ideia horrekin aurkeztu zuten Trikigiro elkarteak eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak proiektua Azkoitiko Udalean, 2018ko urrian. Denborarekin, baina, dokumentala baino, elkarrizketatu bakoitzaren bideografia egitea egokiagoa zela iritzi zioten, eta panoramaren inguruko liburua ere argitaratuz, halaxe osatu dute Errautsak hauspotzen proiektuaren lehen zatia.
Trikitiaren asteburua
Ostiraleko bideografia emanaldien ondoren ere jarraipena izango dute trikitiaren inguruko ekintzek Azkoitian, III. Trikiti Eguna ospatuko baitute larunbatean herrian. Trikigiro elkarteak eta Azkoitiko Udalak antolatu dute eguna aurtengoan ere, Um Blem Ble tabernarien elkarteak lagunduta. Goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta kalejira desberdinak, bazkari herrikoia zein trikitilariekin erromeria egingo dituzte.
Hona hemen larunbateko egitaraua, osorik:
- 11:30ean, kalejira desberdinak San Martin auzotik herriko kaleetara.
- 13:30ean, kalejira handia Julio Urkixo etorbidetik plazara.
- Kalejiraren ostean, argazki erraldoia.
- 15:00etan, bazkaria herriko plazan.
- 18:00etatik 22:00etara, trikitilari desberdinekin erromeria, plazako oholtzan.