Ikaskirol Krosa ordezkatzera dator Xabier Munibe 40. Parte Hartze Herrikoia

Ane Olaizola 2024ko mai. 21a, 12:01

Lasterketaren iazko irudi bat.

Adin guztietako umeen parte hartzea bermatu ahal izateko legedira egokitzeko asmoz, antolatzaileek izen berria jarri diote lasterketari, baina izaera bera mantenduko du. Izen-ematea zabalik da ostiralera bitartean.

Xabier Munibe ikastolako Udaberri guraso elkarteak antolatuta, Xabier Munibe 40. Parte Hartze Herrikoia jokatuko dute datorren ekainaren 2an, igandez, herriko kaleetan. Orain arte Ikaskirol Krosa izan dena ordezkatuko du proba horrek; izan ere, aurtendik izen berria izango du lasterketak, baina izaera bera mantenduko du, antolatzaileen esanetan. Haien arabera, lege kontuek behartuta egin behar izan dute aldaketa: "Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du ahalbidetzen Ikaskirol Krosa izenaren pean HHko umeen parte hartzea. Horregatik, legedira egokitu gaitezen eta HHkoek ere parte hartu ahal dezaten, izena aldatu diogu lasterketari".

Izena izan ezik, berbera izango da gainontzeko ia guztia: HH4. mailatik DBH2. mailara arteko ume guztiek parte hartu ahal izango dute —inklusiboa izango da—, eta lasterketak mailaka banatuko dituzte. HH4 mailako haurren lasterketarekin ekingo diote probari 10:30ean, eta DBH1 zein DBH2 mailetako ikasleen lasterketarekin amaituko da, 11:55ean. Dagoeneko zabaldu dute lasterketetan izena emateko epea, ikastetxeen bidez, eta interesa dutenek ostiralera bitartean eman beharko dute izena.

Azken urteetan bezala, HH4 eta HH5 mailetako ikasleak Beti Poz elkartearen paretik abiatuko dira. Bi maila horietako haurrek Plazaberriko helmugan amaituko dute ibilbidea. LH eta DBH mailetako korrikalariek, aldiz, parrokia parean izango dute irteera, eta Plazaberrin helmuga. LH1 eta LH2 mailetako umeek itzuli txiki bat emango diote ibilbideari; LH 3 eta LH4 mailetako ikasleek bi itzuli txiki; LH5 eta LH6 mailetako haurrek itzuli txiki bat zein handi bat –kasu horretan Santa Klara kaleraino joango dira Trino Uria kaletik itzultzeko–. DBHko ikasleek, azkenik, bi itzuli handi osatu beharko dituzte. Aurten, parte hartzaileek kamiseta bana jasoko dute dominaren ordez.

Proba guztiak amaitutakoan, 12:30 inguruan, maila guztietako parte hartzaileen artean opariak zozketatuko dituzte, eta sari banaketa ere orduan egingo dute. Sariak eta opariak Plazaberrin bertan banatuko dituzte.

Hona hemen lasterketa guztien ordutegiak:

  • 10:30ean, HH4ko ikasleen lasterketa (400 metro, itzuli txiki bat, Beti Poz elkartean hasita).
  • 10:45ean, HH5eko ikasleen lasterketa (400 metro, itzuli txiki bat, Beti Poz elkartean hasita).
  • 10:55ean, LH1eko ikasleen lasterketa (550 metro, itzuli txiki bat, parrokia parean hasita).
  • 11:05ean, LH2ko ikasleen lasterketa (550 metro, itzuli txiki bat, parrokia parean hasita).
  • 11:15ean, LH3ko ikasleen lasterketa (1.100 metro, bi itzuli txiki, parrokia parean hasita).
  • 11:25ean, LH4ko ikasleen lasterketa (1.100 metro, bi itzuli txiki, parrokia parean hasita).
  • 11:35ean, LH5eko ikasleen lasterketa (1.550 metro, itzuli txiki bat zein handi bat, parrokia parean hasita).
  • 11:45ean, LH6ko ikasleen lasterketa (1.550 metro, itzuli txiki bat zein handi bat, parrokia parean hasita).
  • 11:55ean, DBH1 eta DBH2ko ikasleen lasterketa (2.000 metro, bi itzuli handi, parrokia parean hasita).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide