Urrestillako Olaldek eta Aiako Erreistak idi apustua jokatu zuten larunbatean Azkoitiko Gurea probalekuan. Ipintza harria erabili zuten probarako, eta 4.000 euro izan zituzten jokoan. Olalde I. Urrutia eta Ander Olalde itzainekin aritu zen; Erreista, aldiz, Tubilla anaiekin. Olalderen idi parea izan zen aurrena plazaratu zena, eta 51 plaza, zinta bat eta 1,95 metro osatu zituzten. Aiako Erreistaren idiak atera ziren gero, eta hasiera ona izan bazuten ere, erdi lanak egitear zirela ustel bat egin zuten eta handik aurrera ezin izan zuten Urrestillakoen marka hobetzerik izan; 49 plaza osatu zituzten Aiako idiek. Horrenbestez, Olalderentzat izan zen txapela.
Apustuaren aurretik, larunbat goizean pisatu zituzten bi aldeen idiak. Idiek 1.140 kilo pisatu behar zuten, eta pisu horretatik aurrera, kiloko kilo eta erdiko gainkarga ezarri zieten animaliei. Olalderen idiek 14 kiloko gainkarga eraman zuten, eta Erreistaren idiek 31,5 kilokoa. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatu zuen apustua.
(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)