Lan gatazketan murgilduta daude Azkoitiko Sidenor eta Merkal Oinetakoak enpresetako langileak, eta protestara aterako dira datozen egunetan.
Sidenorreko gatazka ez da berria; apiril hasieran jakinarazi zuten Sidenorrek Azkoitian duen lantegian aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzeko akordioa itxi zutela enpresako zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek —ELAk eta LABek ez zuten sinatu—. Hori dela eta, Azkoitiko Sidenorreko ELA eta LAB sindikatuetako kideek mobilizatzen jarraitzea erabaki dute. Ordezkariek azaldu dutenez, espedienteak "310 langile ingururi eragiten" die, eta salatu dute "ELAk eta LABek Azkoitian osatzen duten gehiengo sindikala boikoitatu" dutela akordioarekin.
Era berean, adierazi dute espedienteak Sidenorrek azpikontratatutako langileen lan baldintzetan ere eragin duela, tartean Limpiezas Rosi enpresako langileen baldintzetan; hiru garbitzaile kaleratu dituzte. Sidenor langileengan "beldurra" sortzen ari dela nabarmendu dute bi sindikatuek, eta uste dute hori enpresaren "erabaki politikoa" dela, hitzarmenaren negoziaketa "baldintzatzen" duena. Hori dela eta, mobilizatzen jarraitzeko borondatea erakutsi dute.
Bihar, Azkoitiko plazan bilduko dira langileak eta garbitzaileak, 19:00etan, elkarretaratzean. Era berean, Azkoitiko EH Bilduk bat egin du biharko mobilizazioarekin, eta herritarrei dei egin die parte har dezaten.
Merkaleko langileak, borrokan
Merkal Oinetakoak enpresako Gipuzkoako 50 langilek mobilizazioetara jo dute, enpresa hitzarmena lortzeko asmoz. Enpresa horrek zortzi saltoki ditu Gipuzkoan, eta horietatik seitan greba egunak deitu dituzte, tartean, Azkoitikoan.
ELA sindikatuak adierazi duenez, 2023ko urrian lantaldeak erabaki zuen enpresa hitzarmena lortzeko negoziazioak hastea, "lan baldintza eskasak duintzeko". Hain zuzen, honako hiru eskaera nagusi helarazi dizkiote langileek zuzendaritzari: kontziliazioaren alorrean, urtean dituzten lau asteburu libreak enpresak ez inposatzea eta oporren hasiera ere beharginek aukeratu ahal izatea galdegin dute langileek; horrez gain, udako larunbatetan malgutasun handiagoa izatea eta asteko gutxieneko atseden eguna errespetatzea eskatu dute; soldatei dagokienez, berriz, enpresak langileen antzinatasuna ordain dezala nahi dute; azkenik, adostutakoa betetzeko berme gisa, enpresa hitzarmena eskatu dute. Haren "borondate faltaren aurrean", mobilizazioetara jotzea erabaki dute.
Azken asteetan Gipuzkoako hainbat herritan egin dituzte protestak, eta larunbatean Azkoitian egingo dute, 12:00etatik 13:00etara, Merkal Oinetakoak enpresak Axiri merkataritza gunean duen saltokiaren aurrean. Merkaleko langileen arabera, akordiorik itxi ez dutenez, datozen egunetan erabakiko dute zer egin greba deialdiarekin. Halaber, haien borrokarekin bat egiten duen edonori bertaratzeko gonbidapena egin diete.