Hilero moduan, Isilune Zirkulua egingo dute bihar, osteguna, herriko plazan, eta bigarrenez Palestinako egoera gogoratuko dute 20:00etan bertan elkartzen direnek. Gazan gertatzen ari denaren "larritasuna" ikusirik, antolatzaileek Palestinari elkartasuna, genozidioa gelditu! aldarria eramango dute plazara.
Isilune Zirkuluaren helburua da mundu mailako "giza eskubide urraketak" salatzea eta horretarako "gizatasuna plazara" ateratzea. Elkarretaratzeak hileko hirugarren ostegunetan egiten dituzte, hilero salaketa ezberdin bat plazaratuz. Ohiko moduan, plazan elkartzen direnek zirkuluan birak emango dituzte, isilik, eta zirkulu horren erdian gaiari lotutako objektuak jarriko dituzte. Azkenik, mezu bat irakurriko dute, eta herritarrei informazio orriak banatuko dizkiete. Egitasmoko kideek herritar oro animatu dute elkarretaratzean parte hartzera.