Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren azken edizioan parte hartu duten hiru film ikusteko aukera izango da datorren ostiralean, hilaren 17an, Elkargunean, 18:30ean hasita. Udaleko Berdintasun Sailak prestatu du emanaldia, Homofobiaren, Lesbofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta.
Dena asmatuta dago, Analog Z Love eta Precoz lanak ikusi ahal izango dira egun horretan. Gainera, aurreneko filmaren zuzendaria, Jone Arriola, emanaldian bertan izango da, lana aurkezten: bi gaztek duten "izenik gabeko" harremana kontatzen du lanak, eta izena izatea hain garrantzitsua al den hausnartzen dute biek istorioan, "elkarrizketa intimo eta deserosoen" bidez.
Alicia Arwgarrek zuzendutako Analog Z Love filmak, berriz, honako sinopsia du: "Neska batek beste neska bat ezagutzen du autobus geltoki batean, eta begirada hutsetik hasten den harremana egoera erromantiko idiliko batera iristen da. Nola pizten du pertsona ezezagun batek zugan arreta?"
Alejandro Agirreren Precoz da emanaldian eskainiko duten beste filma. GIB proban positibo eman duen 24 urteko gazte baten istorioa kontatzen du ikus-entzunezkoak.