Tta-kun areto futbol taldea Gipuzkoako Lehen Mailara igotzeko lehian izango da ostiralean

Iraia Oteiza 2024ko mai. 14a, 10:49

Tta-kun areto futbol taldea, azken garaipenaren ostean. (Tta-kun)

Bilkoin Legorreta taldea izango du aurkari, 21:30ean, Azkoitiko kiroldegian. Partida irabazten duen taldeak Gipuzkoako Lehen Mailan jokatuko du datorren denboraldian.

Tta-kun areto futbol taldeak igoera faseko partida jokatuko du ostiralean, 21:30ean, Azkoitiko kiroldegian. Azkoitiko taldeak aurreneko postuan amaitu du Gipuzkoako Bigarren Mailako ligako fase erregularra, joan den asteburuan Makax Gorka Margoak taldearen aurka 3 eta 5 irabazi ostean. Ondorioz, Gipuzkoako Lehen Mailara igotzeko lehian izango da ostiralean. 

Azkoitiarrekin batera, sailkapen orokorreko bigarren, hirugarren eta laugarren postuetan geratu diren taldeek jokatuko dituzte play-offak, eta igoera fasea partida bakarrekoa izango da. Tta-kunek partida hori etxean jokatzeko aukera izango du, liga aurreneko postuan amaitu duelako. Laugarren postuan geratu den Bilkoin Legorreta taldea izango du aurkari ostiralean. Beste neurketa ligan bigarren eta hirugarren postuetan geratu diren Miren Taberna eta Makax Gorka Margoak taldeek jokatuko dute. Irabazten duten bi taldeek Gipuzkoako Lehen Mailan jokatuko dute datorren denboraldian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide