Nola izan da Argia zentroa sortzeko prozesua, hau da, ideiak errealitate izan artekoa?
Aitor Oteiza: Entrenatzaile fisiko gisa zebilen lanean Jon, baina pauso bat aurrera emateko gogoz zegoen, arreta zerbitzu zabalago bat emango zuen zentro bat zabaltzea zuen buruan. Horretarako, ordea, fisioterapia zerbitzua behar zuen eta bereziki, ekografoarekin aritzen zen norbait nahi zuen. Kasualitatez, nire lagun batzuen entrenatzailea zen eta haiek esan zioten nik arlo horretan banuela esperientzia. Harremanetan jarri ginen, eta bere ideia azaldu zidan. Asko gustatu zitzaidan, nire ideiekin bat egiten zuelako, eta horrela jarri ginen abian.
Jon Urresti: Urtebete igaro dugu dena antolatzen, forma ematen eta prestatzen. Enpresa sortzeko momentuan Iraurgi Berritzen garapen agentziak esku erraldoi bat eskaini zigun. Izan ere, pauso denak azaltzen dizkizu, bilera pila bat egiten dituzte zurekin… Eskertzekoa da horrelako laguntza, eta, batik bat, lehen pausoak emateko beharrezkoak diren segurtasuna eta konfiantza ematea.
A.O.: Egia esan, laguntza ikaragarrizkoa izan da, gauza asko egoten dira egiteko eta horiek denak errazten ditu Iraurgi Berritzenek.
Zergatik sortu duzue Argia? Zer du bereizgarria?
J.U.: Herri mailan nabaritzen genuen hutsune bati irtenbidea emateko asmoz sortu da Argia. Horretarako, fisioterapia eta ariketa fisikoaren arteko zubia eskaintzen duen zentroa gara. Hala, Argia osasun integrala lantzera bideratutako zentroa da, eta pertsonen bizi kalitatea hobetzea du helburu nagusia.
A.O.: Fisioterapeutarengana adabakiak jartzera joan ohi gara normalean, eta ez dugu ikusten arazoa osotasunean landu behar dela. Batzuetan, adibidez, ariketa gehiago egin behar da soluzioa emateko. Etxeko lanak ematen dira askotan, baina gehienetan ez dira egiten, edo ez dira egiten egin beharko liratekeen modura. Horregatik, lan edo zerbitzu hori eskaintzen zuen zentro baten falta sumatzen genuen. Ariketa fisikoaren ondorioak benetan ikus daitezen, zentroan egitea da onena. Azkenean, pazienteak duen arazoari irtenbidea emateko behar dituen tresnak edota materialak izango ditu eskura, eta profesionalaren laguntza izango du une oro. Horrez gain, teknologia aldetik ere eskaintzen dugu bereizgarria. Inguruan badaude beste zentroak horrelako teknologiarekin, baina oso gutxi. Azkenean, elkarlan hori eskaintzen duen zentro bakarra gara: fisioterapia, entrenamendu pertsonala eta teknologia.
J.U.: Entrenamendu pertsonalaren arlotik, berriz, indarra lantzea izango da gure beste oinarrietakoa. Estetika munduarekin asko lotzen den kontzeptua da indarra lantzea, baina Argia zentroak indarraren beste aplikagarritasun batzuk eskainiko ditu. Indarra entrenatzeak eskaintzen dituen onurak denok behar ditugu: lesioak dituztenek, haurdunek, minbizia dutenek, haurrek, adinekoek… Azken finean, norbanakoak egunerokotasunean duen helburua lortzen lagunduko dioen erreminta da indarra, eta hori erakutsi nahi du Argiak. Populazio desberdin horiekin guztiekin lan egin dezakegu, eta bakoitzak behar dituen helburuak lortzen lagunduko diegu.
"Zerbitzu oso pertsonalizatua eta indibidualizatua eskaintzen dugu. Horrek guztiak, pertsona ondo ezagutzera behartzen gaitu, eta horretarako, balorazio saioa egiten dugu"
Pertsona bakoitzean oinarrituko zarete, beraz, lana egiteko garaian?
A.O.: Bai, erabat. Fisioterapia zerbitzua nahi duenak Argian aurki dezake, entrenamendu pertsonala bakarrik nahi duenak ere bertan izango du aukera, eta gehigarri gisa, biak uztartu ditzake, erantzun integrala izango du. Horretarako, pertsonarekin hitz egitea da gakoa, zer nahi duen jakitea, bere nahiekin eta gure irizpide profesionalarekin, amankomuneko bidea egiteko.
J.U.: Apustua kalitatean egiten duen zentroa gara. Zerbitzu oso pertsonalizatua eta indibidualizatua eskaintzen dugu. Horrek guztiak, pertsona ondo ezagutzera behartzen gaitu, eta horretarako, balorazio saioa egiten dugu hasieran, fisioterapia zerbitzuan eta entrenamendu zerbitzuan, bietan. Balorazio horrek arlo desberdinak jorratzen ditu: galdetegia egin ezagutzeko, pertsonaren mugimendua eta azkenik, duen indarra. Hortik atera ditzakegu dituen ahulguneak eta indarguneak, eta jarraitu beharreko bidea erakusten digu.
Egun batzuk besterik ez daramatzazue, baina positiboa al da orain arteko balorazioa?
A.O.: Denbora gutxi daramagu, baina oso gustura eta pozik gaude jaso dugun erantzunarekin. Fisioterapia eta entrenamendu zerbitzuetan oso erantzun ona jasotzen ari gara. Zentroa ireki aurretik jendeak interesa agertu zuen, eta orain, zabalduta dagoela dei eta mezu asko jaso ditugu. Beraz, oso gustura.
J.U.: Bai, oso pozik gaude. Hala ere, interesatuek 628-74 07 89 telefonoan edo info@argiazentroa.com posta elektroniko bidez jar daitezke harremanetan. Eta gure webgunean edo sare sozialetan informazio gehiago lor dezakete.
Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?
A.O.: Egun batzuk igaro direla, garbi esan dezaket abantaila nagusia lana nik egin nahiko nukeen bezala egin dezakedala dela. Azkenean, beste batzurentzat egin izan dut lana, eta gustura egin dut, baina orain, nahi ditudan erremintak ditut eta nahi bezala erabil ditzaket. Denboraren kudeaketa ere nahi bezala egin dezaket.
J.U.: Gure sistema propioa sortu dugu eta hori aplikatzen dugu. Gure ikuspuntua da azkenean, eta hori da praktikan jartzen ari garena. Desabantaila, berriz, ordu asko sartzen dituzula da.
A.O.: Zaila da deskonektatzea. Orain, hasiera izanda batik bat, ordu asko sartzen ari gara. Jendearen ordutegietara moldatzen ari gara, eta horrek ordutegi berezia izatera eramaten zaitu. Ireki aurretik lan asko egin dugun arren, oraindik baditugu zereginak.
Ekintzaile izateko zalantza dituen norbait ezagutuz gero, animatuko al zenukete?
J.U.: Hasteko, esperientzia batetik abiatzeko esango nion, ea gustura egon den lan horretan, eta etorkizuna arlo horretan ikusten duen jakin behar du. Inoiz ez badu lanik egin arlo horretan, galdetu dezala edo seguru egotea. Pausoa emateko seguru bada, ordea, aurrera egiteko. Askotan oztopo ugari ikusten ditugu, baina ilusioarekin eta gogoz bazaude, pausoa eman dezala. Negozioa zabaltzeak bere kostu ekonomikoa du, baina okerragoa da gogo horrekin gelditzea beti. Saiatu izanaren asetzea eta poztasuna beti izango du.
A.O.: Horri guztiari gauza bat gehitu nioke; hotzean pentsatu dezala benetan bere buruan duen ideia horrek aplikagarritasun ukitua ba al duen. Ideia ona eta polita izan daiteke, baina behar bati erantzun behar dio, zerbitzua eman behar du. Jonek esan bezala, ordea, gogoa izanez gero, ondo joango da ziurrenik.
Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronkak?
A.O.: Lehenik egonkortasuna behar dugu, bezero kopurua izatea, eta hortik aurrera, helburu nagusia, arlo desberdinetako profesionalak gehitzen joatea da. Osasunarekin lotuta profesional eta aditu gehien izatea, elkarlana ahalik eta gehien bultzatzeko, eta Argia zentrora gerturatzen denak erantzuna bertan izan dezan.
J.U.: Bezeroak erantzun integrala izatea nahi dugu gure zentroan, eta pertsona hori babestua sentitzea, lantalde osoa berekin dagoela nabaritzea.
Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.