Azkoitia Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final zortzirenetara sailkatu da. Joanekoan bezala, 2 eta 1 irabazi zuten Oteiza elkarteko eskuzko pilotariek atzo, ostirala, Adunaren aurka, Gurea pilotalekuan. Ezustekorik ez zen izan, eta kadeteen eta nagusien mailan irabazi zuten herriko pilotariek.
Kadeteen mailan, 22 eta 7 irabazi zuten Julen Etxanizek eta Jon Arregik. Nagusi azaldu ziren une oro kantxan Oteiza elkartekoak. Etxanizek bizi mugitu zuen pilota aurreko koadroetan bai airez bai botez, eta Arregi oso ziur agertu zen haren bizkarretik. Bikoteak aukera gutxi eman zizkien adunarre, baina tanto eder bat edo beste eginda hobetu zuten haiek joaneko markagailua —2 eta 22 irabazi zuen Azkoitiak Adunan—.
Gazte mailan, Aduna nagusitu zen joanekoan bezala. Oier Aldazabalek eta Inhar Egañak ordezkatu zuten Azkoitia, baina adunarrak gehiago izan ziren kantxan; atzelariak asko gozatu eta luzatu zuen pilota, eta haren aginduetara aritu behar izan zuen Azkoitiko bikoteak, tantorik gehientsuenetan defentsako lanean. Adunako aurrelaria ere fin azaldu zen frontoian, aukera izan zuen bakoitzean azkoitiarrei min egiteko erabakiak hartuz, eta hala, tanto sorta ederra eginez. Amaieran, zuzendu zuten etxekoek markagailua, eta emaitza defentsan egindako lanaren ondotik iritsi zen; tanto ilara lortu eta markagailua 12 eta 22 ixtea lortu zuten azkoitiarrek.
Nagusien mailan, azkenik, ez zen izan kolorerik: 8 eta 0 hartu zuten aurre Alex Juaristik eta Jon Juaristik, eta handik aurrera ere aukera gutxi eskaini zizkieten adunarrei. Juaristi aurrelariak tanto politak egin zituen lehen erdian; aukera-aukerako pilotak ongi amaitu zituen hark. Atzelaria ere seguru aritu zen, inongo arriskurik hartu gabe. Bisitariek ez zuten partidarik onena egin Gurean, eta huts asko eginda oparitu zizkieten azken tantoak etxekoek. Adunan bezala, aise irabazi zuten helduek Gurean, 22 eta 4, hain zuzen.
Kanporaketa 4 eta 2 irabazi du Azkoitiak, baina txapelketak aurrera egin ahala zaldu izan zaizkie aurkariak azken urteetan. Horren adibide, final zortzirenetako kanporaketa izango dute Oteizakoek; Hernani izango dute kontrario datozen bi asteetan, Astigarraga kanpoan utzi baitute haiek. Pare-pareko kanporaketa izango dute herritarrek final laurdenetarako bidean. Hernanin hasiko dute lehia bi herriek, eta Gureak emango du epaia.
Hona hemen txapelketaren koadroa, lehen fasetik: