Israelen azken erasoen aurrean, Gernika-Palestinak elkarretaratzea deitu du biharko

Ane Olaizola 2024ko mai. 10a, 09:53

Israelek Rafahko pasabidea itxita, "politika sionista" areagotzea aurreikusten du Gernika Palestina deialdi herritarrak, nazioarteko komunitatearen "pasibotasun lotsagabearen" aurrean. Bihar, 12:30ean elkartuko dira, plazan.

Israelek Rafahren kontra egin dituen erasoen aurrean, Gernika-Palestina deialdi herritarrak mobilizazioak deitu ditu han-hemenka, eta Azkoitian elkarretaratzea egingo dute bihar, 12:30ean hasita. Herriko plazan elkartuko dira Gazako "sarraskia" salatzeko.

Gernika-Palestinatik eta Yala Nafarroatik palestinarrei bidalitako funtsen lehen bidalketatik eratorritako laguntza Gazara iritsi dela azaldu du Gernika Palestinak. Hain zuzen, Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak 35.000 euro bidali ondoren, edateko ura banatzen hasi da desplazatutako herritarren artean, ia mila barazki pakete eta janari deshidratatu
banaketarekin batera. Ordea, Israelek Rafahko pasabidea itxita, laguntza humanitarioak hara sartu ahal izateko bide guztiak itxi ditu. Deitzaileen arabera, "politika sionista" areagotzea aurreikusten da, nazioarteko komunitatearen "pasibotasun lotsagabearen" aurrean.

Ildo horretan, Espainiako gobernuari eta Europako gainerako gobernuei eskatu die su-eten iraunkor eta gainbegiratuaren buru izan daitezela Gazan, Gazako Zerrendaren blokeoa bertan behera utz dezatela, laguntza humanitarioa sartzen utz dezatela eta salatu ditzatela
Palestinako herritarren aurka genozidioa eta gerra eta gizateriaren aurkako krimenak.

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israelek 34.683 pertsona hil, 78.018 zauritu eta 11.000 desagertu ditu dagoeneko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide