Hurrengo igandean, hilak 19, Urretxu-Zumarragako (Gipuzkoa) Ostadar mendi taldeak antolatzen duen Iñaki Beitia Mendi Martxa igaroko da Azkoitiko lurretatik. Aurten, probaren 26. edizioa egingo dute, eta Urretxu-Zumarragan hasi eta amaituko den arren, Azkoitiko gune batzuk ere zapalduko ditu martxak; hain justu, Pagotxeta, Oleta eta Aizpurutxo.
Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da martxa, 07:00-07:30era inguruan, eta 29 kilometroko luzera eta 1.505 metroko desnibela izango du. Pagotxetan eta Aizpurutxon, gainera, anoa guneak ezarriko dituzte. Internet bidezko izen-ematea zabalik dute, baina aurrez aurre ere eman ahal izango da izena, Urretxuko eta Zumarragako zenbait gunetan. Hamar euro ordaindu beharko da inskripzioa aurrez, eta hamabi euro, egunean bertan. Iñaki Beitia Mendi Martxaren atarian irakur daiteke probaren inguruko informazio guztia.