Itzulia Women 2024 lasterketa hastear da, eta eskualdean eraginak izango ditu trafikoan. Bihar, maiatzaren 10ean, hasiko da lasterketa, eta igandean bukatuko da, hilaren 12an. Hiru etapatan jokatuko dute proba, eta lehen etapan zein azkenekoan igaroko da eskualdetik. Hain zuzen, bihar Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako lurretatik igaroko da, eta igandean, Oriotik.
Gasteiz-Elgoibar etapa izango da aurrenekoa, 140 kilometrokoa. Azkarateko mendatetik jaitsita Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa zeharkatuko dituzte txirrindulariek bihar, eta Arroatik Itziarko bidea hartuko dute, etapa Elgoibarren bukatzeko. Emakumeen Itzuliaren aurtengo edizioko etaparik luzeena eta desnibel metatu handiena izango duena da. Mendate puntuagarriak hiru izango dira, baina igoera eta jaitsiera ugari izango ditu.
Etapa horrek eragin nabarmena izango du trafikoan eta eskualdeko errepideetan. Hain zuzen, GI-631 errepidean izango du eragina lasterketak, hura iritsi baino ordu erdi lehenago itxi eta ordu erdi ondoren irekiko baitute ibilgailuentzat. Antolatzaileen aurreikuspen azkarrenaren arabera, 12:00 aldera iritsiko dira lehen txirrindulariak Azkarateko gainera. Azkoitian (12:10) eta Azpeitian (12:16) saihesbideetatik igaroko da lasterketa, 12:30 aldera iritsiko da Zestoara, eta 12:39 inguan Arroabeko biribilgunera, Itziar aldera joateko.
Igandean, Oriotik
Bigarren etapa, Basauri-Basauri, 104 kilometrokoa izango da, eta ez da eskualdetik igaroko. Hirugarren eta azken etapa, igandekoa, Donostian hasi eta bukatuko da; 114,9 kilometro izango ditu. Etapa erabakigarria izango da, eta ibilbidea Donostiako Klasikoaren antzekoa izango da; izan ere, Lezotik Jaizkibelera igoko da, eta, bukatzeko Murgiletik gora egingo du Mendizorrotzeraino. txirrindulariak Igeldotik iritsiko dira Oriora, Txanka-hondartzako bidetik barrena, Ortzaikako biribilguneraino egingo dute bidea eta handik Usurbil aldera hartuko dute.
Horregatik, trafikoa moztuko dute 12:00etatik 14:00etara. Ibilgailuek Ibaiondotik barrena atera beharko dute herritik, eta Donostiarantz joan nahi izanez gero, Zarautzera jo beharko dute, autopista hartzera. Honako hauek izango dira hartuko dituzten neurriak:
- Bentako bidea itxita egongo da.
- Autopistako sarrera-irteerak moztu egingo dira.
- Hondartzako irteera itxi egingo da.
- N-634 errepidea itxi egingo da, Oriotik Donostia aldera.
Euskal Herrian jokatzen den emakume txirrindularien proba nagusiena da Itzulia Women, eta guztira, 358,9 kilometro izango ditu lasterketak.
Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra izango da lehiatuko den eskualdeko kide bakarra. Ostolaza Laboral Kutxa taldearekin ariko da, kontratua berritu baitzuen duela gutxi.