Azkoitia Lagunkoiak etxez etxeko liburu mailegu zerbitzua jarri du martxan Aizkibel liburutegiarekin lankidetzan, pertsona nagusiei zein mugikortasun arazoak dituztenei zuzenduta. Etxetik ateratzeko zein joan-etorriak egiteko zailtasunak dutenentzat "beharrezkoa" dela iritzita abiatu dute doako zerbitzua, Azkoitia Lagunkoiak azaldu duenez: "Irakurketarena konpainia ona da, eta pertsona horiei guztiei aukera eman nahi diegu irakurriz entretenitzeko eta etxetik irten ezina eramangarriagoa egiteko”.
Azkoitia Lagunkoiaren helburua da udalerria "lagunkoiagoa, integratzaileagoa eta irisgarriagoa" izatea, eta horretarako lanean dihardu. Horren adibide da abiatu duten egitasmoa, eta horretarako, hura aurrera eramateko boluntario talde bat osatu dute. Hain zuzen, boluntario horien lana izango da etxetik eskaera egin duen erabiltzaileari liburutegitik bere etxera eramatea. Ondoren, liburua itzultzeko epea gainditu aurretik, erabiltzailearen etxetik liburua jasoko dute, eta liburutegian itzuli.
Doako zerbitzua da, eta hura jasotzeko aurrez liburutegiarekin jarri behar da harremanetan, 943-85 08 98 telefono zenbakira deituta edo liburutegia@azkoitia.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Etxez etxeko zerbitzua eskatu beharko dute han, liburua aukeratzearekin eta hura jasotzeko helbidearen datuak ematearekin batera. Ondoren, liburutegia arduratuko da boluntario taldearekin harremanetan jartzeaz, hark liburua eraman diezaion erabiltzaileari.