Kursaal Eskura egitasmoak Donostiako auditorio horretara joateko autobus zerbitzua antolatu du beste behin, eta oraingo honetan, Les Ballets de Monte-Carloren Errauskine dantza emanaldia ikustera joateko eskainiko du. Maiatzaren 29an izango da Jean-Christophe Maillot koreografo eta zuzendariaren eta Serguei Prokofiev konpositorearen obra ikusteko aukera, 19:30ean hasita, eta zabalik dago autobusez joan-etorria egiteko izena emateko epea.
Kontzertura autobusez joan nahi dutenek izena eman dezakete maiatzaren 20ra artean. Horretarako, honako urrats hauek jarraitu behar dira: batetik, Kursaal Elkargunearen kursaal.eus webgunean kontzerturako sarrera erosi behar da, eta behin sarrera erosita, autobuserako tokia hartu beharko dute Azkoitiko Udalaren Kultura Sailera deituta (943-85 71 70) edo hara mezu elektronikora idatzita: kultu@azkoitia.eus.
Langabetuek eta 30 urtez azpikoek hiru eurotan erosi ahalko dituzte sarrerak. Horretarako, sarrera eta autobusa erreserbatu beharko dituzte, eta kontzertuaren egunean bertan, Kursaaleko leihatilan adina eta lan egoera egiaztatu ondoren egingo dute ordainketa.
Emanaldiaren egunean, 18:00etan aterako da autobusa Azkoitiko Julio Urkixo kaleko geralekutik –Eroski Consum ondotik–.