Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdia antolatu dute zortzigarren aldiz Azkoitian, Zuhaitz Urain Zizu zenaren omenez. Gaurko eta biharko egitaraua prestatu dute antolatzaileek boluntarioen taldearen, tabernarien eta udalaren laguntzarekin, besteak beste. Ohiko osagaiak izango ditu edizio honek, baina aurtengoan inoiz baino emanaldi gehiagoz gozatu ahal izango da aire zabalean; guztira, hamabi musika ordu eskainiko dituzte kanpoan.
Azken urteetako legez, DJ ikastaroarekin ekingo diote jaialdiari: 16:45etik 18:45era izango da, Portaleburun. Haurrei, gazteei zein helduei zuzendutako jarduera dela argitu dute antolatzaileek, beraz, musika elektronikoaren munduan "saltseatu" eta oinarri bat jaso nahi duten guztiak animatu dituzte parte hartzera. Jarraian, 19:00etan, musika elektronikoaren panoraman ezagunak diren bi pertsonaren arteko elkarrizketa izango da Portaleburun: Joseba Beristain eta Mikel Iraeta azkoitiarrek beraien bizipenak partekatuko dituzte joaten direnekin. "Beristainek ibilbide oparoa dauka musika elektronikoan, eta sari potoloak ere jaso ditu azken urteotan", diote antolatzaileek. Era berean, Iraetaren talentua azpimarratu dute: "Aurten atera duen diskoak sekulako arrakasta izan du nazioarteko panoraman. Oso kritika onak jaso ditu; potentzial handiko artista da".
Jaialdiko unerik bereziena eta hunkigarriena izan ohi da familiakoei egiten dieten omenaldia. Gaur, 20:50ean, izango da omenaldia, Balda plazan. Besteak beste, Zizuren bi lagunen txalaparta emanaldiarekin oroituko dute gaztea, eta, jarraian, 21:00 aldera, Aibofobiaren emanaldia eta Ope Loeben zuzenekoa izango dira leku berean.
DJ zaparrada
Bihar, larunbata, Euskal Herriko zein nazioarteko 40 disko jartzaile inguruk girotuko dituzte herriko tabernak, aretoak zein txokoak, 12:00etatik hasita igande goizera arte. Antolatzaileen esanetan, zortzigarren edizio honetan arreta berezia jarri dute biniloarekin lan egiten duten artistengan. Ondorengoa gehitu dute: "Azkoitiko gazteek eta Urainen lagunek lekua izan dezaten saiatzen gara urtero, eta horrela izan da aurten ere".
Hori horrela, besteak beste, Azkoitiko zein inguruko honako musikari elektroniko hauek osatuko dute biharko eskaintza: Beba, Checkboyz, Dardara, Krakow, Lino, Mr. Soto, Munizzio, Murxi, Panda, Ulea, Xugua, Zatibi... Euskal Herriko eszena elektronikoan sona duten DJak ere izango dira musika jartzen, hala nola Balza, Depression, Galiano, Loreak, Costas, Borja S eta Vita V. Nazioarteko musikarien artean, berriz, honako artistek girotuko dute Azkoitia: Lumiere, Maya eta Javier Carballo. Emanaldiak plazan, Plazaberrin, Goiko Losa frontoian, Elkargunean eta Hika, Zurt, Txalintxo, Latz, Dean, Koxka, Etxeaitz, Ttakun eta Laja tabernetan izango dira. DJ saio bakoitzaren ordu eta leku zehatza jakin nahi dutenek holz_und-blech Instagram kontura jo dezakete.
"Ezinbesteko" laguntza
Hamar bat lagunek osatutako antolakuntza taldea dago Holz Und Blech jaialdiaren atzean; halere, urtetik urtera laguntza ematen dutenak gero eta gehiago direla azpimarratu dute antolatzaileek: "Dezente edizio daramatzagu, eta urtetik urtera gero eta lagun, inguruko eta taberna gehiago dira laguntzeko prest daudenak; aurten, gainera, lehen aldiz boluntarioen taldea osatu dugu. Horrez aparte, Azkoitiko Udalak ere asko laguntzen digu". Horiek guztiek "ezinbesteko" eta "sekulako" lana egiten dutela diote.
Horrenbestez, guztiak animatu dituzte gaur eta bihar musika elektronikoaren jaialdia bizitzera: "Laguna omentzeko egiten dugu hau, herriarentzat".