Azkoitia Gukaren zozketak

Verdini dantza taldearen ikuskizunerako sarrerak zozkatu ditu Maxixatzen Gukak

Erredakzioa 2024ko mai. 2a, 16:44

Igandean, 18:00etan hasiko da Verdini dantza taldearen Gure aztarna, gure oihua ikuskizuna, Baztartxon. Maxixatzen Gukak udalak emandako bina sarrera bikoitz zozkatu ditu bazkideen artean.

Igandean, maiatzak 5, Verdini dantza taldeak Gure aztarna, gure oihua ikuskizuna eskainiko du Baztartxo antzokian, 18:00etan hasita. Maxixatzen Gukak Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatu ditu bazkideen artean. Parte hartu dutenen artean zozketa egin ondoren, Maria Pilar Larrañaga Uzin eta Miren Urbistondo Ucin bazkideak izan dira ikuskizunerako sarreren irabazleak.

Zozketa irabazi ez dutenek entradium.com atarian eros ditzakete sarrerak, bost euroan, eta egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira, leihatilan.

Ikuskizunaren estreinaldiak taldearen 30. urteurrenarekin bat egingo du. Duela hiru hamarkada hasi zuten ibilbidea “dantzaren eta inklusioaren munduan aztarna ezabaezina uzteko asmoz”. Isabel Verdiniren zuzendaritzapean, “inspiratzen, konektatzen eta hunkitzen” jarraitu nahi dute. Euren hitzetan, “erronka eta lorpenez” betetako bidea izan da, "aparteko uneak bizitzeko eta oztopoak gainditzeko" balio izan diena. Taldeko dantzarien artean down sindromea dutenak daude, eta Verdinik dioenaren arabera, “elkarrekin lan egiten dugunean gure aurrerapena nabarmenagoa dela erakutsi digute. Dagoen muga bakarra aniztasuna onartzeko prest ez daudenen buruan dago”.

Oholtzan erakutsiko dute sortutako lan berria Jon Alonsok, Nerea Astarbek, Ainhoa Bakaikoak, Miriam Corrionerok, Maria Isastik, Idoia Machimbarrenak, Aitor Manterolak, Oihane Mateosek, Aizpea Mugikak, Nekane Prietok, Alex Santestebanek eta Isabel Verdinik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide