Urola Erdiko zenbait merkatari omendu ditu Gipuzkoako Merkatarien Federazioak

Iraia Oteiza 2024ko api. 29a, 16:16

100 urte baino gehiagoan egindako lanarengatik aitortza jaso dute Azkoitiko Aizterri Home, Sofia Studio 18 eta Martiarena inprimategiak, Azpeitiko Agirre oparidendak, eta Zestoako Errasti Elorza dendak.

Gipuzkoako Merkatarien Federazioak 90 urte bete zituen iaz, eta merkatari txikiak omentzen dihardu Gipuzkoa osoan barrena. Urola Erdiko zenbait merkatari omendu ditu gaurkoan, Elkarguneko Oteiza aretoan egin duten ekitaldian. Azkoitiko Aizterri Home, Sofia Studio 18 eta Martiarena inprimategia, Azpeitiko Agirre oparidenda, eta Zestoako Errasti Elorza denda izan dira omenduak, sortu zirenetik 100 urte baino gehiagoan egin duten lanarengatik. Agirre oparidendakoek ezin izan dute ekitaldira bertaratu, baina gainerakoek lore sorta bana jaso dute aitortza moduan, Ana Azkoitia Azkoitiko alkatearen eta Mikel Arregi Zestoako alkatearen eskutik.

Omenaldiez gain, Ami Bondia komunikatzaileak hitzaldia eskaini du, XXI. mendeko aukerei ahalik eta etekin handiena nola atera azalduz eta ekintzarako bidea hartzeko pentsamolde positiboa eskuratzeko gakoak emanez. Halaber, eskualdeko zenbait saltokik euren kasua azaldu dute, ezbeharrak gorabehera, aurrera jarraitzeko eta berritzeko izan duten gaitasuna ezagutaraziz. Azalpenak ematen izan dira, besteak beste, Noah arropa dendako nagusia eta Aizterri Homeko arduraduna.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide