Gipuzkoako Pilota Federazioak atzo egin zuen Donostian aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren zozketa. Bost modalitatetan jokatuko dute Herriartekoa –eskua, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza eta zesta punta–, eta Azkoitiak eskuzkoa bakarrik jokatuko du; azken urteetan gomazko paletako txapelketan ere parte hartu izan dute pilotari azkoitiarrek, baina aurten ez dute talderik aurkeztu.
Hemezortzi herri lehiatuko dira aurten eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan eta maiatzaren 5ean hasiko da txapelketa, final hamaseirenetako joaneko partidekin. Oteiza elkarteko pilotariek Aduna izango dute aurkari egun horretan, hango pilotalekuan. Azkoitiak kanporaketa hori gainditzen badu, Astigarraga-Hernani kanporaketaren irabazlearen aurka jokatuko du final zortzirenetan. Kanporaketa hori ere gaindituz gero, hurrengoan Oiartzun izango dute aurkari pilotari azkoitiarrek, egungo txapelduna. Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 29an jokatuko dute.
Hona hemen herrien eta partida egunen taula: