Gipuzkoako Merkatarien Federazioak 90 urte bete zituen iaz, eta merkatari txikiak omentzen dihardu Gipuzkoa osoan barrena. Urola Erdiko zenbait merkatari omenduko ditu datorren astelehenean, Elkarguneko Intsausti aretoan egingo duen ekitaldian. Azkoitiko Aizterri Home, Sofia Studio 18 eta Martiarena inprimategia; Azpeitiko Agirre oparidenda; eta Zestoako Errasti Elorza denda izango dira omenduak.
Omenaldiez gain, Ami Bondia komunikatzaileak hitzaldia eskainiko du, XXI. mendeko aukerei ahalik eta etekin handiena nola atera azalduz eta ekintzarako bidea hartzeko pentsamolde positiboa eskuratzeko gakoak emanez. Halaber, eskualdeko lau saltokik euren kasua azalduko dute, ezbeharrak gorabehera, aurrera jarraitzeko eta berritzeko izan duten gaitasuna ezagutaraziz.
Ekitaldiari 13:45ean emango diote hasiera, baina aurretik, 13:15ean, mokadutxo bat egiteko aukera eskainiko dute. Bertaratu nahi duten merkatariek Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren webgunean baieztatu dezakete bertaratzea.