Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde gaua jarraitzeko aukera izango da atari honetan

Erredakzioa 2024ko api. 21a, 09:09

Botoak kontatzen 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Azpeitian.

Herritarrak Eusko Legebiltzarra berritzeko boza ematera deituta daude gaurko, eta 21:00etatik aurrera, botoen zenbaketa zuzenean jarraitzeko eta emaitzen berri izateko aukera eskainiko du atari honek, grafikoez lagunduta.

Gaur, apirilak 21, Eusko Legebiltzarrerako bozak izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ohi bezala, herritarrek botoa emateko aukera izango dute 09:00etatik 20:00etara, eta ordu horretatik aurrera hasiko dira jakiten herriz herriko emaitzak. Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.

2020ko uztailaren 12an egin ziren Eusko Legebiltzarrerako azken bozak. Urola Kostan boto gehien EAJk lortu zituen: 14.673. Bigarren indarra, berriz, EH Bildu izan zen, 14.501 bozekin. Hirugarren bozkatuena PSE-EE izan zen, 2.165 botorekin. Elkarrekin-Podemos izan zen laugarren bozkatuena, 1.390 botorekin. Bosgarrenak, PPk, 648 boto bildu zituen. Parte hartzea %59,82koa izan zen, eta abstentzioa %40,18koa. Hemen ikus daitezke orduko emaitzak, bai eskualde mailakoak, bai herriz herrikoak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide