Baiko eta Aspe pilota enpresek jakinarazi dutenez, Zubizarreta III.ak sukarra du eta ezin izango du gauean Azkoitiko Gurea pilotalekuan Egiguren V.aren aurka jokatu behar zuen final laurdeneko partida jokatu. Ondorioz, galdutzat emango zaio partida Zubizarretari, 22-0eko emaitzarekin.
Gainerako partidak, ordea, aurreikusi bezalaxe jokatuko dituzte herriko frontoian: 22:15ean hasita, lehen mailako buruz buruko final laurdenetako partida jokatuko dute Elordik eta Artolak, eta jarraian Elezkano II.a-Erostarbe eta Etxeberria-Gaskue bikoteak izango dira lehian.