Xabier Munibe Ikastolako jolastokia eraberritzeko proiektua abiatu du udalak

Iraia Oteiza 2024ko api. 19a, 13:13

Xabier Munibeko jolastokia eraberritzeko lanen inguruko lehen bilerako irudia. (Azkoitiko Udala)

Fermin Blanco arkitekto eta hezitzailea arduratuko da proiektuaren idazketa lanaz.

Xabier Munibe Ikastolaren eskaerari erantzunez, Azkoitiko Udalak ikastetxeko jolastokia eraberritzeko proiektua jarri du martxan. Udalaren arabera, "jolastokia baliabide pedagogikoa da, harremanetarako, lotura berriak sortzeko eta elkarbizitzarako balio duen espazioa, ikaslegoaren egunerokoa baldintzatzen duena. Hori horrela, gero eta arreta handiagoa eskaintzen zaio jolastokien eraldaketari, haur eta nerabeen garapena eta haien arteko elkarbizitza egoki uztartzeko".

Proiektuaren idazketa Fermin Blanco arkitekto eta hezitzaileari esleitu dio udalak, bere ibilbide profesionala heziketari eta ikaskuntzari oso lotua dagoelako. Haur eta lehen hezkuntzako irakasleen prestakuntzan ere aritzen da Blanco, eta Lupo sistemaren sortzailea da, arkitektura eta hezkuntza binomioan oinarritutako helburu didaktikoa duen joko sistema modularrarena.

Aste honetan bertan, Fermin Blanco Xabier Munibe Ikastolan izan da Marijose Arregi Hezkuntza zinegotziarekin batera, hezkuntza komunitatearekin elkarlanean, erreforma proiektuari hasiera emateko asmoz. Gurasoek eta irakaslegoaren klaustroak ere bileran parte hartu zuten. Bilera horretz gain, lan batzorde bat ere sortu dute, jarraitu beharreko irizpideak eta xehetasunak adosten joan ahala, proiektuaren nondik norakoak itxi eta proiektua idatzi ahal izateko. Batzordea maiatzaren 7an elkartuko da lanari jarraipena emateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide