Gutuna

Kalteak karabanetan

Judith Andueza 2024ko api. 13a, 11:40

Judith Anduezak honako gutun hau bidali du Maxixatzenera, Julio Urkixo etorbidean, lehengo Lidl supermerkatuaren inguruan, dauden karabanetako batzuk irekita eta kaltetuta aurkitu dituztela azalduz. Karabanen jabeek udalari eskatu diote ibilgailu horien segurtasuna bermatuko duen gune bat egokitu dezala.

Lidl zaharraren aparkalekuan autokarabana ugari daude aparkatuta gaur-gaurkoz, eta joan den igandean hara joan ginenean espero ez genuen egoera batekin egin genuen topo: gure karabanaren alboan, lurrean, gure karabanak erabili ohi dituen dimentsio bereko bi gurpil zeuden; gure karabanari zepoa jartzen diogu segurtasunagatik, ez lapurtzearren, eta bi gurpil haiek ibilgailuaren ondoan ikusteak errezeloa sortu zigun.

Atzo arratsaldean, berriz, udaltzainek deitu ziguten, gure karabanaren alboan aparkatuta zegoen beste karabana jabe bati gertatu zitzaionaren berri emanez; izan ere, jabe hori bere karabana gainbegiratzera joan zenean, ezustean, barrutik pertsona bat atera zitzaion. Pertsona horrek bere arropa hartu, karabanatik atera eta alde egin zuen. Dirudienez, denbora dezente egon da pertsona hori karabanan bizitzen; izan ere, inguruko bizilagunek esan dute naturaltasunez jokatu duela une oro, bizilagunek karabana pertsona horrena zela pentsatzeraino. 

Hori gertatu zenean, Udaltzaingoa Lidl zaharraren aparkalekura bertaratu zen eta inguruko karabanei begira hasi zen. Guztira, udaltzainek baieztatu zuten gutxienez hiru autokarabana irekita zeudela (pertsona bizi zena eta beste bi). Eta karabanak egoera tamalgarrian aurkitu dituzte; gure karabana goitik behera erabilita zegoen, komuna, ohea eta armairuak ere bai... Pertsona barruan aurkitu zuten karabana, aldiz, guztiz txikituta dago, bereziki sabaia. Irekita aurkitu duten hirugarren karabana batean trasteak mugituta edo nahastuta aurkitu dituzte.

Egoera honen aurrean salaketa jarriko dugu Udaltzaingoan. Halaber, udalari eskatu nahi diogu karabanen segurtasuna bermatuko duen gune bat egokitzea, edo behintzat, horren azterketa egin dezala.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide