Azkoitiko Udalak indarrean du igogailu bat egiteko proiektua, San Jose egoitzaren eta igerilekuen ondoko errepidearen arteko 50 metrotik gorako desniela gainditzeko. 2023an, 600.000 eurotik gorako diru partida zuen jarrita horretarako, baina oposizioak jakinarazi duenez, (EH Bilduk bere Plazara aldizkariko urtarrileko zenbakian), diru partida hori blokeatzeko erabakia hartu du EH Bilduk, eta ondorioz, igogailuaren proiektua baztertzekoa, lehentasunezkotzat jotzen duelako San Jose egoitza herrigunera jaistea.
Egoitza herriaren erdigunean izatea laudagarria eta interesgarria iruditzen zaigu, baina EH Bilduk ez ditu argitzen egoitza birkokatzeko proiektuaren oinarrizko elementuak: hala nola, non kokatu daitekeen, birkokatzearen kostua zenbatekoa izango litzatekeen eta nork finantzatuko lukeen, edota birkokatzeko epeak. Nahikoa da gogoraraztea 2019ko udal hauteskundeen kanpainan egoitza herriaren behealdera jaistea proposatzen zutela. Egoera ikusita zalantzan jartzen dugu datozen hogei urtean birkokatzea posible izango ote den. Izan ere, eskura ditugun datuen arabera eta katastroko datuak erreferentziatzat hartuta, Azkoitiko herrigunean ez dago San Jose egoitzaren egungo ezaugarriak dituen eraikin bat har dezakeen lurzorurik. Egungo eraikinak 2.198 metro koadroko oinplanoa du, eta solairu guztiak barne, 4.480 metro koadroko azalera eraikia du. Alderaketa bat egiteko, herriko plazak 1.300 metro koadro inguruko edukiera du.
Kostuei lotuta, berriz, ez dugu uste 20 milioi eurotik jaitsiko denik birkokapenaren zenbatekoa, betiere bere instalazio guztiekin batera eraikitzen bada. Nork finantzatuko duen galdetzen dugu, eta uste dugu, dagokion administrazioaren lehentasuna instalazio berriak eraikitzea izango dela, birkokatze proiektuak alboratuz.
Zer lehentasun pareka daiteke pertsona nagusiei eta ezintasuna dutenei zein egoitzako erabiltzaileei, igogailu bidez, irteera eroso bat ematearekin? Halaxe egin dute herriko beste zenbait auzotan ere. Pertsona nagusien zaintzaren lehentasunaz arduratzeko gai ez den gizarteak, badu zer pentsatua eta zer zuzendua.