Martxoaren 8aren harira, Galiziako Butaca 0 konpainiak Lo único que verdaderamente quise ser toda la vida es ser delgada (Bizitza osoan benetan izan nahi izan dudan gauza bakarra argala izatea da) obra taularatu du Euskal Herriko hainbat txokotan, eta monologo forma hartzen duen antzezlanaren sortzaile eta aktore Esther Carrodeguas elkarrizketatu dute irratian. Lanaren izenburuak dioen moduan, urte luzez bere gorputzarekin izan duen harremana kontatzen du autoreak oholtza gainean, jakitun gizartearen zati (handi) batek, hein batean, harreman antzekoa duela edo izan duela berearekin: "Askok esan didate identifikatuta sentitu direla nire istorioarekin, eta beren bizitzaren historia ere izan dela nire esperientzia", esan du Carrodeguasek irratiaz bestalde. Esklabotza. Hitz hori darabil hark askorena den bizi esperientzia kontatzerakoan, gorputz idealizatuaren bidean, norberaren pentsaera osoa estandarizazio zehatz batzuen gainean eraikitzen delako maiz, eta presioa egunerokoa delako.
Non hasten da argal egoteko nahiaren presioak eragindako esklabotza? Ispiluaren aurrean? Baskularen gainean? Saltokietako arropak gorputzean sartzen ez direnean? Besteen gorputzean? Kaloria gutxiko dietetan? Akaso, otorduen ordezko irabiatuetan? Otorduen osteko komunerako bueltetan? Otordurik gabeko otorduetan?
Lagunak kontatu dit nerabe den alabari bigarren lanegunean nagusiak esan diola argaldu egin beharko lukeela. Zenbat kilo kendu beharko lituzkeen esatera ere ausartu zaio gazteari, hura dagoen moduan lana behar bezala egiteko gai izanagatik ere.
Non hasten da argal egoteko nahiaren presioak eragindako esklabotza?
Andaluziako telebista publikoan, aurkezle batek "broma" bat egin dio zuzenean elkarrizketatzen ari zitzaion beste emakume gazte bati bere ustezko loditasunaren inguruan, eta biharamunean, elkarrizketatuak negar zotinka bideo bat kaleratu du, jakinarazten urte askoan sufritu duela elikadura nahasmendua.
Martxoaren 8aren harira, Azkoitian mugimendu feministan aritu ziren belaunaldi desberdinetako bost emakume elkarrizketatu nituen duela lau urte, eta haietako batek azaltzen zuen azken garaiotan emakumeari kartzela berri bat ezarri zaiola: itxura fisikoarena. Oraindik ere, edertasunarekin eta arrakastarekin lotzen da argaltasuna, ageriko bihurtzen da lodifobia, eta guztiok soberan dakizkigun ondorioak dakartza horrek, batez ere gazteen artean. Denok dakigu egoera, baina jarraitzen du egoten, eta norberaren bizitza osoa sostengatzen duen gorputz txiki, luze, fin zein handia onartu ezean, beti jarraituko du egoten.
"Zoritxarrez", bere obrak antzokietan luzaroan iraungo duelakoan da Carrodeguas.