Abian da III. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketa

Iraia Oteiza 2024ko api. 8a, 11:00

II. Hike eizan! bertsopaper lehiaketaren saridunak. (Aitziber Arzallus)

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik.

Hike Eizan! lantaldeak eta Azkoitiko Udalak Hike Eizan! bertsopaper lehiaketa abiatu dute hirugarrenez, hitanoa, eta bereziki noka, sustatzeko helburuarekin. Gaur zabaldu dute lanak aurkezteko epea eta maiatzaren 15a izango da horretarako azken eguna.

Hiru mailatan banatu dute lehiaketa, adin tarteen arabera: 14 urte artekoak, 15 eta 18 urte bitartekoak, eta 18 urtetik gorakoak. Gaia, neurria eta doinua libreak izango dira, baina bertso sorta guztiek hitanoan idatzita egon beharko dute, eta noka erabiltzea ere baloratu egingo da. Kategoria bakoitzean, bertso sorta onenaren saria eta Azkoitia saria banatuko dituzte: 125 eta 250 euroko sari bana umeen eta gazteen mailan; 500 eta 250 euroko beste bi helduenean; eta 75 euro umeentzat, 150 euro gazteentzat eta 300 euro helduentzat, Azkoitia sariaren barruan.

Epaimahaia Hike Eizan! lantaldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bina kidek osatuko dute, eta ekainaren 3an jakinaraziko dute zein izan diren irabazleak. Sari banaketa, berriz, ekainaren 27ko IV.Hike eizan! bertso saioan egingo dute.

Lehiaketaren oinarriak eskuragarri daude Azkoitiko Udalaren webguneko tramiteak atalaren barruan. Zalantzarik izanez gero, interesdunek 943-85 71 75 telefonora deitu zein euskara@azkoitia.eus helbidera idaz dezakete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide