2023ko aurrekontuaren likidazioaren emaitzak ikusita, "ekonomia saneatua" duela, eta "aurrekontu egonkortasunaren helburua betetzen" duela adierazi du Azkoitiko Udalak.
Gerakina 6.231.382,38 eurokoa da, eta besteak beste, Floreagako irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko erabiliko duela jakinarazi du udalak.
Azken urtean egindako inbertsio nagusiak izan dira, besteak beste, Floreagako bigarren igogailuaren eraikitzea (993.743€), San Juan futbol zelaiko belar artifizialaren berritzea (357.675 €), kaleetako zoladuraren konponketa (223.981 €), landa bideen eraberritzea (240.694 €), Xabier Munibe Ikastolako ekitaldi aretoaren egokitzapena (186.787€), biltegi gisa erabiltzeko lokalaren erosketa (85.000€), Xabier Munibe Ikastolan LED argien instalazioa (32.438€), tenis pistetako zoruaren eraberritzea (47.416.59€), edota erraustegiko instalazioen egokitzapena (57.104€). Era berean, 1.500.000 euro bideratu dira Txalonerreka eta Altamira lotzen dituen bidea eraikitzeko.
Diru laguntzen zenbateko "garrantzitsua"
Udalak "diru laguntza garrantzitsuak" jaso ditu udalaz gaindiko erakundeetatik. "Udalak inbertsioetarako duen marjina estua da, eta ahalegin handia egiten dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako gobernuak edota Europak ateratzen dituzten diru laguntza lerroak ondo aztertzeko, aukerak aprobetxatzeko, eta proiektu ezberdinak gauzatzeko", azaldu du udalak.
Diru laguntza horien artean honakoak nabarmendu ditu: futbol zelaiko belar artifiziala eraberritzeko (104.100 €) edota ikastolako instalazioak egokitzeko (171.156€) Gipuzkoako Foru Aldundiak emandakoak; Eguneko Zentroa kokatuko den lokala erosteko aldundiak emandakoak (154.000€ 2023an eta 150.000€ 2024an); zein Azoka plaza eta merkataritza txikia suspertzeko Next Generation Europako funtsetik jasotako 1.362.949 euroko diru laguntza.