Gutuna

Naturaren leheneratze legea, basoak eta Basotik fundazioa

Urola Bizirik 2024ko mar. 26a, 10:47

Urola Bizirik natur taldeak honako gutun hau igorri du erredakziora, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu berri duen Basotik fundazioaren gaineko iritzia plazaratzeko asmoz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak berria ez den ekimena hauspotu du berriki: BSTK Basotik fundazioa. Basotik fundazioa bezala aurkeztu du berriz, jakinda izen hori ezin duela erabili, baina hitzak nahasmenerako erabiltzen ohituta dagoenarengandik ezin bestelakorik espero.

Fundazio hau sortzearen arrazoia, hitzez hitz, hauxe da: “Gipuzkoako basoen abandonua saihestea, baso-jabeei zaintza jasangarriko zerbitzu bat eskainiz herrialde ikuspegitik. Hau da, alderdi ekonomikoetatik haratago ingurumen eta jasangarritasun irizpideak kontuan hartzen dituen ikuspuntutik”. Gipuzkoako Foru Aldundiaren %100eko partaidetza duen fundazio publikoa da, alegia, diru publikoarekin, sortu eta kudeatuko dena. Banan-banan, argudioak aztertzen hasita, komeni da lehendabizi hitzen esanahiak argitzea: basoa hitza erabiltzen du, baina gure ustez, ez da basoez ari, zuhaitz landaketez baizik, fundazioaren helburu nagusia egurgintzarako produktiboak diren eremuak emendatzea baita. Hori argituta:

  1. Basoen abandonua. Naturkonek hamaika aldiz salatu du ikuspegi horren zentzugabekeria. Abandonatu jarduera ekonomikoak egiten dira, gizakiaren eraginik gabe, naturak bere bidea egiten du bazterrak naturalizatuz, berezkotuz. Hainbesterainokoa da prozesu honen garrantzia, berriki Europak urterako lurraldearen %20a naturalizatzea onartu duela. Aldundiak abandonua deitzen duena Europan natur eremuen leheneratzea da.  
  2. Baso-jabeei zaintza jasangarriko zerbitzu bat eskaintzea herrialde ikuspegitik. Basogintza egurgintza bezala ulertuta, ezin da nahita ere herrialde ikuspegia duen zaintza jasangarririk eskaini. BSTK fundazioaren helburu nagusia da baso-jabe pribatuen baso-eremuak egurgintza sektorearen eskuetan jartzea. Izan egurra ekoizten jarrai dezaten, edo orain klima aldaketaren izenean sortu den karbono isurien merkatu erabat espekulatiboan parte hartzeko, egurgintza sektorea zerbitzatzea du helburu BSTK fundazioak. Halako helburuetarako diru publikoa baliatzea ez da zilegi, ez bederen, modu horretan.

Sektore ekonomiko jakinen kudeaketa erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlaguntzaz egitea zilegi da harreman horrek onura publikoaren alde egiten duenean. Naturkonek erakutsi du monolaborantzan oinarritutako ustiapen intentsiboa ez dela basogintza eta sustatzen den egurgintza-eredua hori ez dela jasangarria. Guztiz bestela: oso kaltegarria da ingurumenerako eta gurea bezalako orografia aldapatsuetan erabat debekatu beharreko eredua dela. Ez da zilegi diru publikoa horrela erabiltzea.

  1. Azken argudioa da, BSTK fundazioak alderdi ekonomikoetatik haratago, ingurumen eta jasangarritasun irizpideak kontuan hartzen dituen” zerbitzua eskainiko duela. Oraindino aldundiak EAJ-PNV alderdi politikoaren zuzendaritzapean bideratu duen baso-politikak ez du horrelako irizpiderik lehenetsi. Hainbesterainokoa izan da politika publikoetatik eragindako kaltea, gure paisaiaren azalera handiak gaixotzeraino eraman dituela pinuaren krisiak. BSTK fundazioa egoera hau betikotzera dator, pinudien krisia eragin duen ereduari eutsi nahi baitzaio bai ala bai.

Gipuzkoako gizarteak ozen salatu du azken urteotan baso-politika hau. Herriz herri, hitzaldiz hitzaldi erakutsi dugu posible ez ezik, desiragarria eta egun beharrezkoa dela gure basoak eta beraz, biodibertsitatea, berreskuratzea helburu izango duen baso-politika. Diru publikoa ezin da bideratu lurraren galera eta antzutzea eragiten duten jardueren mesedetan. Egurgintza lehen sektoreko beste jarduera bat da, abeltzaintza, artzaintza edota nekazaritza bezala. Ikuspegi horretatik kudeatu behar da, jarduera horiek guztiak bezala, ustiapenari ingurumen eraginen baitako mugak jarriz.  

BSTK fundazioa Gipuzkoako Mendiak eta Naturaren Zaintza zuzendaritzaren txapelpean sortu da, eta sail horren helburuak bestelakoak izan behar lukete: gure biodibertsitatea eta ondare naturala zaintzea eta berreskuratzea. Bada garai berrietara etortzeko garaia!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide