Azkoitiko Udalak martxan jarritako aurrekontu parte hartzaileen prozesuak aurrera jarraitzen du. 100.000 euroko partida jarri du udalak herritarrek proposatutako proiektuetara bideratu ahal izateko, eta beti ere "beharrak eta lehentasunak" kontuan hartuta txertatuko dituzte eskaerak.
Orain arteko bileretan herritarrek egindako berrogeinaka proposamen jaso ditu udalak, eta datorren astelehenean egingo dute hirugarren bilera, 18:00etan, Elkarguneko Altzibar gelan. Hirugarren bilera hori proposamenak aztertzeko egingo dute, horien artean aukeraketa bat egin, eta ondoren herritar guztiei aukeratutako proposamenen inguruan galdetzeko. Prozesua zazpi lan fasetan dago banatuta, eta ekainean egingo dute azkena. Herritar orok izango du bertaratu eta proposamen egokienak bozkatzeko aukera.