Aurreikusi baino zertxobait beranduago, baina ohiko harrera beroarekin heldu da 23. Korrika Azkoitira, gaur goizaldean. Munategi parean eman diote azpeitiarrek azkoitiarrei lekukoa, 05:30 pasatxoan, eta Elosutik barrena Bergararako bidea hartu aurretik, milaka lagun batu dira euskararen aldeko lasterketa erraldoira. Azkoitiko 30 eragilek eraman dute Korrikaren lekukoa.
Korrikak utzi du anekdotarik Azkoitian. Hain zuzen, herrira iritsi bezain pronto, udalak hartu du lekukoa, eta eskuz-esku pasatzen ari zirela, Ana Azkoitia alkatea erori egin da — beste hainbat eroriko ere izan dira bidean—. Jazotakoa umorez hartu du alkateak, eta udalaren X sare sozialean honakoa idatzi du: "Gogotik hartu dut nik parte Korrikan! Hain gogotik ere… Korrika Azkoitira sartu eta ni lurrera! Euskararen alde behin eta berriz altxatuko gara!".
Argazkiak: Iraia Oteiza eta AEK