Azkoitri triatloi taldeak egun guztirako duatloiaren festa antolatu du gaurko. Goizean, 10:00etatik eguerdira bitartean, LH3tik LH6ra artekoen duatloiko lau proba jokatu dituzte, eta neska-mutil ugarik parte hartu dute. Proba bukatutakoan sari gisa gozokiak eta medaila jaso dituzte parte hartzaileek.
Arratsaldean, berriz, 16:00etan hasita, duatloi super-sprint proba jokatuko da. Bederatzigarrenez duatloi herrikoia jokatuko dute, eta federatu zein federatu gabeek parte hartuko dute. Kirolariek bi kilometro eta erdi egingo dituzte korrika, hamar kilometro bizikletan eta beste kilometro eta berrehun metro korrika. Proba horretan bertan, duatloi egokitua ere jokatuko dute Marea Urdinari esker, ibilbidea apur bat moldatuta, kirolarientzat ahalik eta leunena izan dadin.