Gipuzkoako 53. Hiru Txirlo bolo txapelketa abiatuko da datorren larunbatean, eta aurten, Azkoitian izango da aurreneko jardunaldia. Beraz, Gipuzkoako bolo jokalariek hitzordu berezia izango dute Floreaga auzoan dagoen bolatokian, 17:00etan.

Larunbatean hasita, ekainera arte luzatuko da txapelketa, eta guztira, hamar jardunaldi egingo dituzte, honako leku hauetan: Elgoibarko San Migel (martxoak 23), Elgeta (apirilak 6), Aretxabaleta (apirilak 13), Eibarko Asola Berri (apirilak 20), Leintz Gatzaga (apirilak 27), Soraluzeko Ezozi (maiatzak 4), Soraluzeko San Andres (maiatzak 11), Elgoibarko San Pedro (maiatzak 18) eta Bergarako San Joxepe (maiatzak 25). Ekainaren 1ean, berriz, Lehendakari Saria jokatuko dute Lasturren.

Txapelketan parte hartu nahi duenak bost euro ordaindu beharko ditu, baina ordaindu gabe ere izango da botatzeko aukera. Era berean, jardunaldi batzuen bezperan, 23:00etan hasita, tiraldiak egingo dira euro bat ordainduta; Azkoitian, kasu. Sariei dagokienez, honako hauek banatuko dituzte aurreneko sei sailkatuentzat, hurrenez hurren: 65 euro, 50 euro, 35 euro, 20 euro, 10 euro eta sorpresa.