23. Korrikari hasiera emateko ordu gutxiren faltan, euskararen aldeko lasterketa bultzatzeko ekintza ugari egiten ari dira egunotan herrian, Korrika Kulturalaren barruan. Jarduera horietako bat izango da biharkoa, eta Katxiporreta elkarteak emandako pagoa landatuko dute Intsausti parkean. 17:30ean hasiko dute landaketa, eta ekitaldi irekia izango denez, herritar orok izango du bertaratzeko aukera.
Ostegun honetan hasita, hilaren 24ra bitartean egingo dute 23. Korrika, Harro herri lelopean. Irunen (Gipuzkoa) hasiko da, eta Baionan amaitu. Eskualdera martxoaren 20an, asteazkena, iritsiko da euskararen aldeko martxa, eta goizeko 05:26an hartuko dute lekukoa azkoitiarrek.