23. Korrika

UKTren hedabideek zuzenean emango dute Irundik 23. Korrikaren hasierako ekitaldia

Erredakzioa 2024ko mar. 13a, 09:00

Bihar hasiko da 23. Korrika Irunen, eta hainbat hedabidek elkarlanean handik egingo duten zuzeneko saioan parte hartuko du Urolako Komunikazio Taldeak (UKT). Hain justu, Mireia Galarza UKTko kazetaria izango da Irunen, eta Korrikarekin lotutako hainbat lagun elkarrizketatuko ditu.

Bihar hasiko da 23. Korrika. AEK-k bi urtetik behin antolatu ohi duen euskararen aldeko ekimena datorren astearte gauerditik asteazken goizaldera bitartean zeharkatuko ditu Urola Kosta eskualdeko herri gehientsuenak, baina aurrez, ekimenari ekitea besterik ez da falta. Irunen (Gipuzkoa) abiatuko da bihar, osteguna, 23. Korrika, eta martxoaren 24an amaitu, Baionan.

Korrikaren 22. aldian bezala, ekimenaren irekiera ekitaldia zuzenean ikusteko aukera izango dute Urola Kosta eskualdeko ikus-entzuleek; izan ere, Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) zuzeneko saio berezia eskainiko du irteera puntutik ETB, Hamaika Telebista, Berria, Goiena eta Kanaldude euskal hedabideekin elkarlanean.

Mireia Galarza UKTko kazetaria Irunen izango da, eta Korrikarekin nolabaiteko lotura duten lagunak elkarrizketatuko ditu hark. Zuzeneko saioa ikusteko aukera izango da UKTren tokiko webgune guztietan —Baleiken, Karkaran, Maxixatzenen, Uztarrian, Zarauzko Hitzan eta Urola Kostako Hitzan— eta Erlo Guka Telebistan. Hedabide honek 15:20 inguruan egingo du bat Irungo seinalearekin, eta 16:15 ingurura arte zuzen-zuzenean erakutsi eta kontatuko du 23. Korrikaren irteera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide