Udaleko Hezkuntza arloak English for travel eta Afternoon tea jarduerak antolatu ditu ingelesean trebatu nahi dutenentzat. Saioak Gaztanenea zentroan eskainiko dituzte, eta doakoak eta irekiak izango direnez, herritar orok izango du bertaratzeko aukera. English for travel saioetan, bidaitzen denetan erabili ohi den oinarrizko hiztegia eta esamoldeak landuko dituzte, hala nola, aireportuetan, geltokietan, hoteletan edota jatetxeetan ohikoa den hiztegia. Ingelesa ama hizkuntza duen Len Bux irlandarrak zuzenduko ditu saioak. Horiek martxoaren 7an, 14an eta 21ean egingo dituzte, 19:30etik 20:30era bitartean.
Afternoon tea, berriz, solasaldirako talde bat izango da, eta tea eta opilak dastatuz, ingelesa praktikatzea du helburu. Saio horiek ere Len Buxek gidatuko ditu. Martxoaren 12an, apirilaren 9an eta 23an, eta maiatzaren 7an egingo dituzte solasaldiak, 16:00etatik 17:30era bitartean.
Saio horietan parte hartzeko ez dago aurrez izena eman beharrik. Edozein zalantza argitzeko, herritarrek gaztanenea@azkoitia.eus helbidera mezu bat bidal dezakete.