23. Korrikan lekukoa eramateko aukera zozkatuko du Herrixenek. Martxoaren 20ko goizaldean igaroko da euskararen aldeko lasterketa Azkoititik, eta kilometro erdian parte hartzeko eta tarte horretan lekukoa eramateko aukera eskaini nahi die herritarrei merkatari elkarteak.
Zozketan parte hartzeko, herriko saltokietan erosketak egin, eta horietan adierazitako txartelak norbere datuekin bete beharko dira. Kilometro erdia izango da sari nagusia, baina Korrikako materialaren hiru sorta ere zozkatuko ditu Herrixenek. Parte hartzeko azken eguna martxoaren 14a izango da, eta zozketa martxoaren 15ean egingo du merkatari elkarteak.