Literatura zaleek bi hitzordu izango dituzte bihar Elkargunean. Alde batetik, Jon Artano kazetari zestoarrak Juana liburua aurkeztuko du, eta bestetik, Miren Amuriza idazle eta bertsolariaren Basa liburua izango du aztergai Azkoitiko Irakurle Taldeak.
18:30ean hasiko du Artanok bere liburuaren aurkezpen saioa, udalak martxoaren 8ko ekintzei lotuta antolatu duena. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Tene Mujika Bekari esker idatzi du zestoarrak Juana, ez fikziozko lana, eta euskal jatorria zuen Juana Perea Platari eta haren familiari gertatuak izan ditu kontagai. Gizon armatu batzuek erail zuten Perea 2020an, Kolonbian.
19:00etan, berriz, Azkoitiko Irakurle Taldeak saio berri bat egingo du Elkarguneko Zeharkako aretoan. Oraingo honetan, Miren Amurizaren Basa liburua izango du aztergai taldeak, Amuriza bera ere bertan dela. Ohi bezala, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak egingo ditu dinamizatzaile lanak.