Herria dantzan jartzera dator Kitziki taldea

Iraia Oteiza 2024ko ots. 28a, 09:45

Kitziki taldea. (Utzitakoa)

Azkoitiko, Elgoibarko, Eibarko eta Bergarako (Gipuzkoa) zazpi gaztek osatu dute Kitziki taldea. Musika ibilbide berriari ekiteko "irrikitan" daude, eta aurreneko kontzertua eskainiko dute larunbatean, 19:00etan, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean. Sarrera doakoa izango da.

Musika taldeen sorrerak indar betean jarraitzen du. Osatzen azkenetarikoa izan da Kitziki taldea, euskal kanta ezagunen bertsioak egiten dituen zazpikotea. Larunbatean eskainiko dute estreineko kontzertua, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean, 19:00etan.

Azkoitiko, Elgoibarko, Eibarko eta Bergarako (Gipuzkoa) zazpi neska gaztek osatzen dute taldea, Itxaso Alberdi azkoitiarrak, Maialen Arriolak, Maddi Arrietak, Nahia Carrillok, Enara Mujikak, Olatz Makazagak eta Alaitz Landak. Musika ikasketek batu dute zazpikotea, taldeko gehienak batxilergo musikala ikasten ari direlako Elgoibarren. Euren musika ibilbide berriari ekiteko "irrikitan" daude neskak.

Musikariak izanik, bateria, biolina, gitarra, baxua, teklatua, saxofoia eta ahotsa uztartu dituzte euskal kanta ezagunen bertsioak egin eta publikoa dantzan jartzeko."Ezin dugu esan erromeria taldea garenik, trikitixa falta zaigulako, baina gure kontzertuak dantzaldien antzekoak izango dira, ezagunak diren abesti alaiak joko ditugunez, publikoak ez duelako dantzarako aukera faltarik izango", adierazi du Itxaso Alberdi taldekideak.

Ordubete pasatxoko emanaldiarekin egingo du taldeak estreinaldia, eta hamazazpi bat euskal abesti ezagunen doinuez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Kontzerturako sarrera doakoa izango da, eta emanaldiaren ostean, ogitartekoak erosteko edota bertan afaltzeko aukera izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide